Noiz edo noiz google bilatzailea ireki, nire izen-abizenak idatzi eta bilaketa tekla klikatu dut. Nork ez du inoiz horrelakorik egin? Denok gara kuriosoak eta denok izan dugu noizbait sarean nola aterako garen edo guri buruz zer esaten dutenaren jakin-min hori.
Gaurkoan, irakasle batek bidalitako lanaren ondorio izango da nire izena sarean nola agertzen deneko analisia. Chrome nabigatzailea ireki, googleko bilatzailean sartu eta nire izena eta lehenengo abizena kakotxen artean idatzi ditut. Ondoren, bilaketari ekin diot. Bilaketaren emaitza 1070ekoa izan da, kopuru hori da hain zuzen sarean zehar agertzen omen naizeneko kantitatea. Barregarria iruditu zait kopuru hori, izan ere, David Beckham jarri dut beranduago eta hamasei milioi aldiz baino gehiago agertzen da bera.
Lehenengo orrialdeko hamar emaitzak aztertu ditut eta horietatik bederatzik nirekin zerikusia dutela konturatu naiz. Bederatzitik zortzik Huhezin egiten dudanarekin dute zerikusia: informazio-konpetentziak materian burututako blog pertsonala, issuu webgunean igotako hainbat lanen publikazioak (informazio-konpetentziak materiakoak), beste ikaskideen blogetan eta Aitor Zuberogoitiaren Lehengaia blogean ere agertzen naiz…
Baina badago emaitza bat unibertsitatearekin ez baina nirekin zerikusia duena. Duela ia hiru urte, zubi-saltoa egin nuen Azkoitiko Azkaraten. Nire koadrilako lagun batek grabatu egin ninduen eta ordutik hona bideo hori interneten zehar dabil bueltaka. Egia esan, bideoa youtuben baino ez zabaltzeko esan nion baina…………tontolapikoak kasurik ez! Hala ere ez dit batere axola, ez bainaiz ezer txarrik egiten agertzen.
Hainbat eta hainbat orrialde begiratu ditut jada, eta ez da gauza berririk agertzen. Huhezin egin edo egiten dudanarekin erlazioa duen zerbait (bloga kasu gehienetan) eta ezer gutxi gehiago. Hala ere, bada harritu nauen gauza bat. Saskibaloi talde bateko jokalari naizela azaltzen da AndraitzKE webgunean. Noski, hori ez naiz ni. Itxura denez klon bat daukat Legazpi aldean…
Gutxienez, ez dut gaizki esaka edo nire izena zikintzen ari den ezer topatu. Egia esan, ez nuen gutxiago espero. David Bechkam bezalako famatua izango banintz, ziur komentario iraingarri batzuk egongo liratekeela. Momentuz, ez dut famatua izaterik nahi, niri buruzko komentario zikinak ez irakurtzeko.