Atzo arte ez nekien zer zen Community Manager (CM) bat. Egia esan, ez nekien izen hori existitzen zenik ere. Izen berria da niretzako hauxe. Hala ere, ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari naizen ikuspuntutik interesgarria iruditu zitzaidan irakasleak honen berri eman izana, inork ez baitakigu non bukatu dugun lanean eta are gutxiago zein lanetan.
AERCOren (Espainiako online komunitateen arduradunen erakundea) definizioaren arabera, CMa, enpresak bezeroekin mantentzen duen harremanaren tartean dagoen pertsona da, beti ere, eremu digitalean. CM baten tresna nagusia medio sozialak izango dira eta bertan denbora ugari pasako du bezeroak dituen arazoak zeintzuk diren eta bezero batek zer eskatzen duen jakiteko. Azken finean, Connie Bessonek esaten duen bezala, CMa enpresaren ahotsa da enpresatik kanpo eta bezeroaren ahotsa enpresaren barruan.
Baina CM baten lana ezin dezake edozein pertsonak burutu. CM bezala lan egiteko hainbat eta hainbat ezaugarri eduki behar dira. Hona hemen bada batzuk: komunikatzaile ona, enpatikoa, ulerkorra, taldean lana egiten dakiena, gardena, irekia, abegitsua…
Horrelako lanpostu batean lana egin nahi izanez gero, argi dagoena pertsona arduratsua izateaz gain hainbat balio (errespetua, zintzotasuna, apaltasuna…) dituena ere izan behar dela.
Irakasleak banatutako CMari buruzko txostena irakurri ostean, horrelako lana egitea gustatuko litzaidakeela ondorioztatu dut. Gradua amaitzen dudanean arlo desberdinetan lan egiteko prestatua egotea espero dut eta Community Managerraren aukera ez dut baztertzen, hazten ari den lanpostua baita. Hemen behintzat, etorkizuna dago.



